Kaixo lagun:
Dagoeneko uda joan zaigu eta udazkenarekin batera
Literatura Txokoa itzuli da. Ikasturte berriari gogotsu ekingo diogu.
Lehenengo irakurketa hau izango da:
“Hutsaren
itzalak”, Jon Arretxe (Erein)
Elkartzeko eguna AZAROAK 12, asteazkena,
20:00etan Jai
Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!
Hainbat urtez bizirik irauteko borrokan ibili ondoren, Tourek Sira bere
alabaren deia jaso du. Hendaiara datorrela esan dio, egun batzuk elkarrekin
pasatu nahi dituela eta. Paperik ezaren arazoak saihesteko, Tourek Sa Kene bere
amorantea bidaltzen du alaba autoz jasotzera. Baina Sira ez da hitzordura
agertzen.
Hauxe da Toure “detektibe-igarle”aren hirugarren abentura. Arretxek koxka
bat estuago egiten du, eta Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera gordinean egiten
du azpimarra. Hemen ez dago aurreko abenturetan hainbat irribarre, egoera
barregarri edo ikerketa absurdorik. Bigarren plano batean geratzen da umorea
eta ironia oraingoan. Paradisuaren ateetaraino iristeko ibilbide nekezkoak,
mafien esku-sartze ankerrak, giza legearen etengabeko urratzeak hartzen dute
protagonismoa… Intrigarik ez da falta, ordea. Egiantzekotasun handiko historia
da Toure eta San Frantziskoko Afrika Txikiko bere lagunena, ahula ahaltsuaren
kontrako borrokara behartzen duen historia.
Jon Arretxe berriz ere kontakizun poliziakoaz baliatzen da gure inguruan
ikusten diren bidegabekeriak eta xenofobiaren orratzak zorrotz salatzeko.