2012/04/06

"Twist" Harkaitz Cano (Susa)


KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoa atzo iluntzean elkartu zen.
Oraingo honetan Arantxa Urretabizkaiaren "3 Mariak" liburua izan genuen solasgai. Hiru Mariak ezagutu ditugu, Txuri, Gorri eta Handi. Horien istorioak, gogoetak, harremanak. Iraganera begiratu baino, orainera eta etorkizunera begiratzera animatu gaitu liburuak.
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"Twist" Harkaitz Cano (Susa)

 
Solasaldia egiteko eguna:
Apirilaren 25a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!!!
* Liburuari buruz: Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten.
Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna.
Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena... asko dira TWIST nobelako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.

2012/04/05

"3 Mariak" Arantxa Urretabizkaia (Erein)

KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoak aurtengo lehen solasaldia egin zuen hilaren 1ean.
Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” liburuak hunkitu egin gaitu. Familia, adiskidetasuna, herria, gerra garaia, arrantzaleak, aitatasuna… Kirmenen kontakizun samurrekin irakurketa atsegina izan dugu.
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"3 Mariak" Arantxa Urretabizkaia (Erein)


Eta honekin batera, Aguraingo II. Narrazio Lehiaketan saritutako hiru narrazioak ere irakurriko ditugu. Narrazioak ondorengo linketan dituzue:
Inprimaturik nahi izanez gero, Aguraingo Liburutegian izango dituzue
Solasaldi bikoitza egiteko eguna:
Martxoaren 7a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz eta narrazioetaz gozatu!!!
* Liburuari buruz: Kalera irten, egunero irteten ginen, are alargundu osteko neguan eta udaberri euritsu hartan. Gorrik buru belarri sinesten du onuragarria dela kalera irtetea, onuragarri ibiltzea eta, era berean, jendea ikustea, gure etxean egunero bisitaren bat bagenuen ere. Hori bai, protesta egiten zuen euria zen bakoitzean.Gero esango dute adinarekin itzali egiten direla grinak, ahuldu. Normalean, jendeak zahartzaroari buruz hitz egiten duenean, berari gertatzen zaiona orokortzen du edo, bestela, jaiotza agiriak bizitza osoa gobernatu behar balu bezala jarduten du. Zaharregia zara bizitza berri bati ekiteko, esan zidan semeak eta gorrotoa gorde zalea ez banaiz ere, ez dut oraindik esaldia ahaztu. Esan dezaket, nire kasuan, gaztetan nituen grina eskasak itzali egin direla eta hori, niretzat, zahartzaroaren abantailetako bat da. Gorri, ordea, esango nuke, zenbat eta zaharrago, orduan eta grinatsuago dela edo hori esaten dit, behintzat berez gezurtia den memoriak.

"BILBAO-NEW YORK-BILBAO" Kirmen Uribe (Elkar)

KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoak aurtengo azken solasaldia egin zuen hilaren 14an. Anjel Lertxundiren “Etxeko hautsa” liburua irakurrita, Jai Alai tabernan elkartu ginen. Liburuaren nondik norakoak mahai gainean jarri genituen, eta era guztietako iritziak azaldu ziren.
Aurrekoetan bezala, solasaldi atsegina izan genuen.
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"BILBAO-NEW YORK-BILBAO" Kirmen Uribe (Elkar)

 Solasaldia egiteko eguna:
Otsailaren 1a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!!! Eta urte berri on!!!
* Liburuari buruz:
Haize berria dakar Kirmen Uriberen azken liburuak. Kontagintza-mota ohikoak alde batera utzita, autofikzioaren bidetik jo du bere lehenengo eleberri hau idaztean, errealitateko datuak material literario moduan erabiliz, fikzioaren baliabideen bitartez historia ere istorio bihurtuz eta egilea bera bere kontakizunaren objektu bihurtuz.

HITZALDIA - SOLASALDIA

"ETXEKO HAUTSA" Anjel Lertxundi (Alberdania)


KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoak irailean hasi zuen ikasturte berria, eta dagoeneko ikasturte berri horren lehenengo liburua irakurri dugu, "Koaderno handia", Agota Kristofena, Eskarne Mujikaren itzulpenarekin.
Liburu gogorra iruditu zaigu, gaia, pertsonaiak, egoerak... latzak dira. Baina era berean, Agota Kristofek idatzitako beste libururen bat irakurtzeko gogoekin geratu gara. Hurrengo batean izango da!
Oraingoan, hau da gure proposamena:
"ETXEKO HAUTSA" Anjel Lertxundi (Alberdania)



Solasaldia egiteko eguna:
Abenduaren 14a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan

Bitartean, liburuaz gozatu!!!

* Liburuari buruz:
Franco hil aurreko azken urteetako giroarekin hasten da liburua eta orduan narratzaileak bizi izandako gertaera batekin: ETAko bi kide eraman behar izan zituen, arratsalde sargori batean, bere autoan herri batetik bestera. Hogei urte geroago ari da narratzailea orduko giroa eta giroari buruzko hausnarketa idatzia idazten zerga iraultzailea eskatu dioten aitari, buruko gaixotasun baten eraginez ahanzturaren eremuan bizitzen hasita dagoen aitari. Era horretan, aita-semeen arteko harremanaren aztertzea ere bada liburua. Nolabaiteko aitortze mingarri bat.
Narratzailearen memoriako hariz hasten da gertakarien oroimen inperfektua agertzen, esandako gauzak eta isildutakoak, behin eta berriz Franco hil aurreko arratsalde sargori hartara eramaten dutenak.
Narratzaileak bere aitari egiten dion aitorpenak gure historiaren azken urteak hartzen ditu aintzat, bere ilungune eta miseriekin, galderak sortzen dira irakurri ahala, eta galdera horiek guretzat dira.

* Liburuaren lehenengo kapitulua erantsita doakizue. Anima zaitezte!!!

"Koaderno handia" Agota Kristof (Alberdania)

KAIXO LAGUNOK!
Udazkena hasierarekin batera hemen da Literatura Txokoa ikasturte berria hasteko prest. Aurreko hilabeteetan izandako irakurketa eta solasaldi atseginak izaten jarraitu nahi dugu.
Horretarako, hemen duzue gure proposamena:
"Koaderno handia"  Agota Kristof (Alberdania)
Itzultzailea: Eskarne Mujika Gallastegi




Solasaldia egiteko eguna:
AZAROAK 2 izango da, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan.

Literatura Txoko hau zabalik dago, etorri eta parte hartu!!

BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!
Liburuari buruz:
Ikasketa-prozesu baten lekuko egiten gaitu Koaderno Handiak. Pertsonaia nagusien, bi anaia bikien, ikasketa-prozesua da. Liburuak jakinmina pizten du, erakarri eta berarekin eramaten du irakurlea liluraturik. Edonor harritzen baitu horrelako gertaerak hain xalo kontaturik entzuteak. Xalotasun-aire hori lortzeko, Agota Kristofek haurren idatz-tankera antzeratzen du. Irakurketa amaitu eta gero, liburua itxi eta bat baino geratuko da gogoetatsu, irria ezpainetan izozturik eta galderaren bat buruan jauzika.

DANTZA IKASTAROA

Jauziak, Iparraldeko dantzak ikasi nahi dituzu?
Badakizu 10 urratsekin Iparraldeko dantza pila dantza dezakezula?
Ikasi urratsak Olbeak Euskaldunon Elkarteak antolatutako ikastaroan
Erdixka, dobla, pika, ezker eta hiru, erdixka lauetan...


JOAN (Patxi Zubizarreta)

KAIXO LAGUNOK!
Elkarrekin izandako azken solasaldia oso atsegina izan zen. Udaberriko arratsalde polit bat izan genuen eta kalean elkartu ginen, mahai baten inguruan.
Miren Agur Meaberen ipuinek beste mundu batera eraman gaituzte, ametsak, pertsonaia magikoak... istorioak eta koplak.
Gure txikiei kontatzeko ipuinak dira, helduei ere bai; eta abesteko koplak. "Zazpi orduak" liburua oso berezia da, gomendagarria.
Hemen duzue hurrengo proposamena:
"Joan" Patxi Zubizarreta (Txalaparta) (Liburua+DVD)
Solasaldia egiteko eguna MAIATZAK 25 izango da. Egun hau berezia izango da, izan ere Patxi Zubizarreta idazlea Agurainera hurbilduko da gurekin solasaldia egitera. (Lekua eta ordua zehaztuko ditugu)
BITARTEAN, LIBURUAZ ETA MUSIKAZ GOZATU!!!
Liburuari buruz:
Uztaila Lisboan, Mariok dei bat jaso du: emakume baten ahotsa da, frantsezes, Joao anaia gaztea Santa Grazin larri dagoela dio. Mariok zer egin erabaki beharko du: joan, ez joan... "Erabakiak guk geuk hartzen ditugulako ilusioa bizi dugu baina, izan, damuak baldintzatutako halabeharraren iruzur baino ez dira". Sara Caeiroren hitzok izan zitezkeen eleberri honen hari gidaria. Senperena piano joleak, liburuaren atal bakoitza gogoan, bost fado grabatu ditu.

"Zazpi orduak" Miren Agur Meabe (Elkar)

KAIXO LAGUNOK!

Elkarrekin izandako azken solasaldia oso atsegina izan zen.
Liburutegian elkartu ginen kafe eta pasta batzuen inguruan (mila esker Yanira!) eta Aguraingo Narrazio Lehiaketan saritutako hiru narrazioei buruz hitz egin genuen. Gainera Imanol Sorondo, "Beilatokian" narrazio irabazlearen egilea, gurekin izan zen.
Mila kontu atera ziren, narrazioak, poesia, idazteko zaletasuna... eskertzekoa benetan Imanol hurbildu izana. Harremanetan jarraituko dugu berarekin, eta idazten duenaren berri emango zigula agindu zigun.

Hemen duzue hurrengo proposamena:
"Zazpi orduak" Miren Agur Meabe (Elkar)

         


Solasaldia egiteko eguna APIRILAK 13 izango da, asteazkena, 19:30ean, Jai Alai Tabernan.

BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!

Liburuari buruz:
Liburu hau irakurtzera bazatoz, ez ezazu egin paisaia bati urrunetik begiratzen dionaren moduan, horrela ez baituzu bereiziko bertako harri, lore edo zomorrorik. Aitzitik, ibiltariaren moduan, barnera zaitez bidezidorretan, eta ibili patxadaz, paisaiak zer ematen dizun hartzeko prest. Izan ere, liburu hau ez da ohiko begiekin irakurtzekoa: edozein paraje eguzkipean edo lanbro artean itxuraldatzen zaigun bezala, hau preziatzeko, magiaren kristala ipini behar duzu begietan.
KAIXO LAGUNOK!
Irakurritako liburuen kopurua handitzen ari da. Azkena Gotzon Barandiaranen "Errotik" izan da.
Liburu honi esker duela hogeitabost urte Euskal Herrian bizi zen egoeraren berri izan dugu, Bilboko Euskalduna ontziolako langile batek eta bere alabak kontatua.

Hurrengorako proposamen berezia dakarkizuegu:
"Aguraingo Eskualdea" Narrazio lehiaketan saritutako hiru narrazioak:
1. Beilatokian (Imanol Sorondo)
2. Nik ez dakit ezer (Mari Joxe Azurtza)
3. Gora Mari (Joseba Gorostiza)



Hiru narrazio hauek bidaltzen dizkizuegu. Imprimatzerik ez baduzue, Aguraingo liburutegian eskuratu ahal izango dituzue.

Solasaldia egiteko eguna MARTXOAK 2 izango da, asteazkena, 19:30ean.

Bitatean, IRAKURRI  ETA GOZATU!!!

ERROTIK (Gotzon Barandiaran)

KAIXO LAGUNOK!

Ur Apalategiren "Fikzioaren izterrak" irakurrita, liburuari buruzko solasaldia egiteko elkartu ginen.
Liburua zazpi ipuinez osatua dago eta bikotea-maitasuna eta idazletza-arrakasta literarioa dira hari nagusiak.
Atseginez irakurri dugu liburu hau, eta solasaldia ere oso oso atsegina izan da.

Datorren urtera begira berdin jarraituko dugu. Hemen duzue hurrengo proposamena:
Gotzon Barandiaranen “Errotik” (Susa)


Solasaldia egiteko eguna OTSAILAK 2 izango da, asteazkena, 19:30ean.


BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!

Liburuari buruz:
Langileen adorea, zanpaketaren gordinkeria, erresistentziaren ederra, familiaren estura, borrokaren zaila, mendekuaren bihozkada dira Gotzon Barandiaranen lehen nobelako gaiak. Bilboko Euskalduna ontziolan 2.461 langileetatik 200entzako tokia besterik ez zela izango adierazi zuen Espainiako Gobernuak 1984an, birmoldaketa asmoak abian jarri zituenean. Txikizioaren aurrean kalera atera ziren beharginak protestan eta borrokan, faktoriaren eraistea galaraztearren. Ankerra izan zen Agintaritzaren erantzuna: atxiloketak, zaurituak eta hildakoak. Euskaldunako langilea izan zen Luis Urresti; deskalabru haren ondotik minbizi batek eraso du eta hiltzera doa. Bere alaba Loreari urradura garratza handituko zaio betiko. Aitaren eta alabaren arteko solas etenek eta oroitzapenenek egituratzen dute kontakizun osoa.

FIKZIOAREN IZTERRAK (Ur Apalategi)

KAIXO LAGUNOK!
Literatura txokoak aurrera jarraitzen du!

Fermin Etxegoienen "Autokarabana" irakurrita, liburuari buruzko solasaldia egiteko elkartu ginen.
Liburuaren protagonistak bere bizipenak, arazoak, maitasun kontuak eta gogoetak ekarri dizkigu. Euskara, herria-hiria, aitatasuna, lana, familia, sexua.. Gai hauei buruzko galderak egiten ditu, pentsaraztera bultzatuz irakurlea.

Atseginez irakurri dugu liburu hau, eta solasaldia ere oso atsegina izan da. Gero eta jende gehiago hurbiltzen da Literatura txokora!!!

Hemen duzue datorren hilabeterako proposamena:

Ur Apalategiren “Fikzioaren izterrak” (Susa)



Solasaldia egiteko eguna abenduak 15 izango da, asteazkena, 19:30ean.


BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!

Liburuari buruz:
Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti.

Bikotea batetik, idazletza bestetik, horra kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak. Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kimera eskuraezinak? Serioski irri egiteko narrazioak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak... hori posible baldin bada.
“ENTZIA MENDIZERRA EZAGUTZEN” MENDI IRTEERAK
OLBEA euskaldunon elkarteak, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, beste ekimen berri bat martxan jarriko duela jakinarazten dizuegu.
Hilabetean behin mendi irteera bat antolatuko dugu Entzia mendizerran zehar. Oso gertu dugun arren, aguraindar askorentzat guztiz ezezagunak dira paraje natural honek eskaintzen dizkigun txokoak, fauna eta flora, paisaiak, gure arbasoek utzitako aztarna arkeologikoak, kobazuloak, etab. Azpimarratzekoa da adibidez Entzia mendizerra, Arabako zonalde aberatsena dela Neolitiko- Brontze ( 3000-850k.a ) garaiko aurkikuntza arkeologikoei dagokionez.
Ibilbide gidatuak izango dira eta adin guztietako pertsonak parte hartzeko modukoak. Ondo pasatzeaz eta euskaraz mintzatzeaz gain, gure inguru naturalari buruz zerbait gehiago ikasteko aukera paregabea izango dugu.
Gure asmoa irteera guztiak autobusez egitea da, beti ere, parte-hartzaile kopuruak ahalbideratzen badu. Honela izango balitz, bakoitzak 3 euro ordaindu beharko lituzke egunean bertan.
Euskaraz aritzeko guneak sortzea da OLBEAren helburuetako bat, beraz, ekimen hau, inguruko ikastoletako haur eta gurasoentzako, euskara ikasten ari direnentzako eta oro har euskaldun guztientzako zuzenduta dago. Aguraingo eskualdean euskara sustatzeko bide bakarra elkarlana dela uste dugu, horregatik, eskualdean euskararen alde lanean zabiltzaten orori ekimen honetan ere parte-hartzeko eta zuen esparruan zabaltzeko eskaera luzatzen dizuegu.
1.go Irteera: “Legaire - Iguaran kobazuloa”
EGUNA: Azaroak 28, igandea.
ELKARRETARATZEA: Goizeko 9etan Fueros kafetegiaren parean. Autobusa 3€
ERAMAN BEHARREKOA:
·         Negurako arropa eta oinetako egokiak (botak, txubaskeroa,…).
·         Iguaran kobazuloan sartzeko arropa zaharra edo laneko buzo bat.
·         Linterna (frontala posible bada).
·         Hamaiketakoa.
IZENA EMATEKO:
·         E-MAIL BIDEZ: olbea.elkartea@gmail.com
·         TELEFONO BIDEZ: 652734065
·         AGURAINGO AEK EUSKALTEGIAN.
IZENA EMATEKO EPEA: Azaroak 18, osteguna.
IBILBIDEA:
Legaireko aparkalekutik hasita zelaian barrena ekingo diogu gure ibilbideari. 8 kilometro inguru dituen ibilbide lau eta erraza da. Legaireko zelaietan monumentu megalitiko, trikuharri eta aztarna arkeologiko ugari aurkitu dira eta hauetako batzuk ikusteko aukera izango dugu.
Legaireko zelaiak zeharkatu ondoren Iguarango kobazulora joango gara. Iguaran, Entzia mendizerrako kobazulorik ospetsuenetakoa dugu eta kobazuloa oso ondo ezagutzen duen espeleologo baten laguntzaz bere barrenak ikusteko aukera izango dugu. Taldeka sartuko gara bertan, ez dago batere arriskurik  eta oso esperientzia polita izango da. Ikusiko ditugun aztarna arkeologikoei buruzko informazio gehiago http://www.agurain.org/arkeologia/01aurkezpen.htm orrialdean aurkituko duzue.

BERBALAGUNA

EUSKARAZ HITZ EGIN NAHI DUZU AGURAINEN?



Euskaraz hitz egin nahi duen jendea taldetan elkartu, eta, besterik gabe, euskaraz hitz egitea da BERBALAGUNAren helburua. Bakoitzak duen euskara mailari baino, komunikazio-gaitasunari eta euskara erabiltzeko gogoari ematen zaio garrantzia. Astean behin taldekideekin elkartu (nahi denerako: kafea hartzeko, kirola egiteko...) eta euskaraz hitz egin, besterik ez da egin behar.

Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere talde kopuru garrantzitsu bat lortu da.

Oraindik garaiz zaude, eman izena

Zalantzaren bat izanez gero, deitu edo idatzi hona lasai

Arduraduna: Josune Garcia de Bikuña
berbalagunagurain@gmail.com
945300408

SUSTATZAILEA:
AEK



LAGUNTZAILEAK:
Aguraingo Udala, OLBEA Euskaldunon Elkartea

AUZOKO EGITASMOA

www.auzoko.topagunea.com



SUSTATZAILEAK
Aguraingo Olbea Euskaldunon Elkartea
Topagunea


www.auzoko.topagunea.com

DANTZA-PLAZAN

AUTOKARABANA (Fermin Etxegoien)

KAIXO LAGUNOK!
Atzo arratsaldean “Hauts bihurtu zineten” liburuaren inguruko solasaldia egiteko elkartu ginen.
Udako azken eguna aprobetxatuz, ondoko tabernara joan eta kaleko mahai baten inguruan, Igerabidek idatzitako istorioari buruz hitz egin genuen: pertsonaien bizipenak, egoera politikoa, askatasuna, droga, bakardadea...
Atseginez irakurri dugu liburu hau ere.

Elkartzeko hurrengo eguna azarorako utzi dugu. Hemen duzue gure proposamena:

Fermin Etxegoienen “Autokarabana” (Pamiela)



Solasaldia egiteko eguna azaroak 10 izango da, asteazkena, 19:30ean.

BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!


Liburuari buruz:
Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango.
Aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira ... Autokarabana modernitatearen metafora gisa.

HAUTS BIHURTU ZINETEN (Juan Kruz Igerabide)



KAIXO LAGUNOK!
Uztailaren 21ean Karmele Jaioren “Musika airean” liburuaren inguruko solasaldia egiteko elkartu ginen.
Izandako berriketaldian adierazi genuenez, atseginez irakurri dugu liburu hau ere, eta datorren ikasturtean Literatura txokoarekin gogotsu jarraitzea erabaki genuen.
Abuztuan oporrak hartuko ditugun arren, irailerako liburu hau proposatzen dizuegu:

"HAUTS BIHURTU ZINETEN (Alberdania)
Juan Kruz Igerabide 



Solasaldia egiteko eguna irailak 22 izango da, asteazkena, 19:30ean.

BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!


Liburuari buruz:

Euskal Herriko auzo txiki batean, frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian kokatuta dago Igerabideren lehen eleberri hau. Autoreak ongi ezagutzen duen garai eta leku gatazkatsu nahasia, beraz. Garai hartan nerabe eta gazte sasoiko izandako bat da narratzailea. Pertsonaia asko eta ongi taxutuak agertzen badira ere, bada bat narratzaileak begiz jotakoa eta ongi begikoa duena: Adela, auzoko maistra aurrerakoia. Emakume maitagarri haren drama humanoak josten du osoagoa izan nahi duen kontakizunaren ehuna. Eleberria oihartzunez beterik dago. Esan liteke oihartzunen sare batek osatzen duela nobelaren egitura, denbora kronologikoari denbora psikologikoa gailenduz. Ez da garai historiko baten azterketa objektiboa, irakurketa sentikor bat baizik, sufrikariotik eta gozamenetik sorturiko lekukotza bat, hauts bihurtu zirenen errautsekin idatzitakoa.

MUSIKA AIDEAN (Karmele Jaio)

KAIXO LAGUNOK!
Ekainaren 16an Xabier Montoiaren “Golgota” liburuaren inguruko solasaldia egiteko elkartu ginen.
Elkartearen egoitzan elkartu eta liburu hau irakurtzerakoan ezagutu dugun istorioari buruz aritu ginen. Felisa protagonistaren bizitzak sortarazitako inpresioak aldatu genituen.
Literatura txokozaleok bestalde, hurrengo liburua uztailerako irakurrita izatea erabaki genuen.
Aukeratutako liburua hauxe da:
Karmele Jaioren “MUSIKA AIDEAN” (Elkar)



Beraz, uztailean berriz elkartuko gara, eta orduan, irailerako liburua aukeratuko dugu.
GOGORATU!! Solasaldia egiteko eguna uztailaK 21 izango da, asteazkena, 19:30ean.
BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!


Liburuari buruz:
Leiho ondoan ematen du eguna Elenak, kalera begira, munduan egin beharrekoak eginda dituelakoan. Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote, etxeko lanetan laguntzeko eta etxetik ateratzera animatzeko. Elenak, baina, bertan geratu nahi du, bere oroitzapenei atxikia.
Maitasuna eta gorrotoa, adiskidetasuna eta zeloak, bizinahia eta etsipena ... Sentimenduen nobela da Karmele Jaioren bigarren eleberri hau, pertsonaien nortasuna fintasunez deskribatzen duena eta, oroz gain, bizitza den sinfonia erraldoiaren handitasuna azpimarratzen duena, bere gazi-gozo eta kontraesan guztiekin.

Agurain bere historia luzean euskarari lotua

Ekainaren 2an, asteazkena, herriko historiaz ekitaldia ospatu zen Udaletxeko Batzar Aretoan, OLBEAk antolatuta. Gasteizko HALA BEDI irratiak zuzeneko programa eran Agurain historian zehar gaia landu zuen. Bertaratu ziren 12 euskaltzaleak gai hori irratian nola erabiltzen zen jarraitu ahal izan zuten. Ondoren tarte parte-hartzailea izan bertaratutakoak galderak eginez.

Irrati esatari eta gaiaren zuzendari gisa Unai Gartzia Solozabal historia irakaslea aritu zen. Berari eskatu zion OLBEAk 2006. urtean argitaratua zuen “Agurain, más de 750 años” liburuan aipatutakoak euskarara egokitu zitzala. Unaik Aguraingo ibilbide historikoan euskararen gorabeherak azaltzeko bidea hartu zuen. Hau da, euskara eta Agurain denboran zehar batera joan direla, arazoak arazo, gaur egunera arte.

Aurkezpena ostean, Kike Fernandez de Pinedo filologia irakaslea gonbidatuari elkarrizketa luzea eta mamitsua egin zion Unai Gartziak. Honen galderei zehatz eta azaldu zituen Kikek euskarak Agurainen mendez mende utzi eta ezagutze bidean diren aztarnak (idazkun arkeologikoak, agiriak, testigantzak). Argi geratu zuen, Agurain aipatzen den hainbat alditan euskararen erabilera suma daitekeela, denbora historiko batean zein bestean. Bikaina Unaik eta Kike Fernandez de Pinedok josi zuten ibilbide historikoa. Gozagarri ekitaldira urreratu zirenentzat. Ildo horretatik eta aurrerantz begira, gai desberdinak antzeko eran erabiltzeko asmoa du OLBEAk.

AGURAIN HISTORIAN ZEHAR


AGURAINen IRRATI SAIO parte-hartzailea ZUZENEAN
ZAHARRAK BERRI programa (Hala Bedi irratia)


AGURAIN HISTORIAN ZEHAR
Ekainaren 2a, asteazkena
arratsaldeko 19,00etan
Aguraingo Udaletxean
Zatoz zuzenean entzutera eta/edo parte hartzera



Sintonizatu Hala Bedi:
FM: 107.4
Interntenez ere bai: http://www.halabedi.org

GOLGOTA (Xabier Montoia)

Maiatzaren 5ean UXUE ALBERDIREN “AULKI-JOKOA” liburuaren inguruko solasaldia izan genuen.
Elkartearen egoitzan elkartu eta argudioari buruz, pertsonaiei buruz, egoerei buruz… hitz egin genuen.
LITERATURA TXOKOAREN lehenengo elkarretaratzea izan zen, eta bertaratutakoak gustora aritu ginen.

Honi jarraikortasun bat eman nahian, hurrengo liburua proposatuko dizuegu:
XABIER MONTOIAREN “GOLGOTA” (ELKAR)

Liburua irakurrita, solasaldia egiteko eguna hauxe izango da: EKAINAK 16, ASTEAZKENA (19:30)
Bitartean, LIBURUAZ GOZATU!!!

AULKI - JOKOA (Uxue Alberdi)

KAIXO LAGUNOK:
Duela gutxi luzatutako proposamen bati hasiera emango diogu:
LITERATURA-TXOKOA
. Hau da, liburuen inguruko solasaldiak.
Hau hasteko, OLBEAK liburu bat aukeratu du. Irakurri eta maiatzaren 5ean (asteazkena) elkartuko gara (tokia zehaztuko dizuegu).

Hemen duzue aukeratutako liburua:
AULKI - JOKOA
, Uxue Alberdi, Elkar 2009

Ondoko estekan liburuari buruzko informazioa doakizue.
AULKI - JOKOA , Uxue Alberdi




LIBURUAZ GOZATU TA MAIATZAREN 5erarte!!!

LOGO LEHIAKETAREN SARI BANAKETA

zerbait gaizki....

Pasa den otsailaren 22an OLBEA Euskaldunon Elkarteak antolatutako logo lehiaketaren sari banaketa burutu zen.

Ekitaldia xumea eta goxoa izan zen era berean. Lehiaketara aurkeztutako bederatzi proposamenak ikusgai egon ziren. OLBEA Elkartearen kideek lanen aurkezpena egin ondoren
Aguraingo “Jose Mari” Jatetxeari esker OLBEA Elkarteak bi lagunentzako afaria eman zion Arantxa Oiarbideri, lehiaketa honen irabazleari.

Ondoren, Lautadako Bertso-eskolako hiru bertsolari bertan egon ziren:  Maialen Mateo, Jon Unai Aspe eta Oihane Perea. Haien sormenaz goxatzeko aukera eman zieten hurbildutakoei.

zerbait gaizki....

Eskerrik asko denoi eta hurrengora arte.

OLBEA EUSKALDUNON ELKARTEA – Agurain

OLBEAk BADAUKA BERE LOGOA!



OLBEA Euskaldunon Elkartea poliki-poliki pausoak ematen ari da. Talde eragilea osatu, izena aukeratu, estatutuak sortu, ildo nagusiak finkatu, komunikaziorako sare eta web bat sortu, elkartea aurkeztu udalean eta logo lehiaketa proposatu.

Lehiaketara bederatzi lagunek aurkeztu dute beren proposamena.
Horien artean Arantxa Oiarbidek aurkeztutako lana aukeratu du OLBEAk. Olbea bat zer den ulertzeko laguntzen du, eskematikoa da, fina ere bai.

Beraz, zorionak Arantxari eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei.

Otsailaren 22, astelehena, 20:00etan, Aguraingo Udaletxean sari banatzeko ekitaldi xume bat pentsatu dugu.

Egun horretan saria banatuko dugu, mokadutxo bat eskainiko dugu, aurkeztutako lanak erakutsiko ditugu eta sorpresatxo bat egon daiteke.

OLBEAk ekitaldi txiki honetara gonbidatu nahi zaitu . Agurainen euskaldunak elkartzeko aitzaki bat da.

Anima zaitez.


OLBEA Euskaldunon Elkartea poliki-poliki pausoak ematen ari da. Talde eragilea osatu, izena aukeratu, estatutuak sortu, ildo nagusiak finkatu, komunikaziorako sare eta web bat sortu, elkartea aurkeztu udalean eta logo lehiaketa proposatu.

Lehiaketara bederatzi lagunek aurkeztu dute beren proposamena.
Horien artean Arantxa Oiarbidek aurkeztutako lana aukeratu du OLBEAk. Olbea bat zer den ulertzeko laguntzen du, eskematikoa da, fina ere bai.

Beraz, zorionak Arantxari eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei.

Otsailaren 22, astelehena, 20:00etan, Aguraingo Udaletxean sari banatzeko ekitaldi xume bat pentsatu dugu.

Egun horretan saria banatuko dugu, mokadutxo bat eskainiko dugu, aurkeztutako lanak erakutsiko ditugu eta sorpresatxo bat egon daiteke.

OLBEAk ekitaldi txiki honetara gonbidatu nahi zaitu . Agurainen euskaldunak elkartzeko aitzaki bat da.

Anima zaitez.

BILERA: AGURAINGO UDALA - OLBEA EUSKALDUNON ELKARTEA

2010eko urtarrilaren 12a


Olbea Euskaldunon Elkarteak Aguraingo Udalari elkartearen asmoak eta helburuak aurkeztu dizkio.
Olbeak Udaleko arduradunei azaldu die euskararen erabilera dela bere helburu nagusia. Hau lortzeko:
-    sentsibilizazio kanpainak proposatuko ditu
-    erabilerako eskaintza kulturala eta aisialdian eskainiko ditu.
-    komunikazioan ahalegin handia egingo duela euskaldunon komunitatea trinkotzeko

Dagoeneko martxan dauka lau egitasmo:
-    Auzoko (sentsibilizazio kanpaina)
-    Olbearen logo lehiaketa (sentsibilizazio kanpaina)
-    Aguraingo e-uskaldunon sare@ (komunikazio kanpaina)
-    Webgunea (komunikazio kanpaina)

Beste egitasmo batzuk laster etorriko direla eta horretarako:
-    Olbea prest dagoela elkarlanerako Udalarekin eta euskalgintzako beste taldeekin
-    Lokal bat behar duela bere eskaintza garatu ahal izateko eta lan egiteko

Bi aldeek nabarmendu dute elkarlanerako beharra eta interesa.

LOGO LEHIAKETA

AGURAINGO EUSKALDUNON ELKARTEAREN LOGO LEHIAKETA

OLBEA ELKARTEAK LOGO BAT BEHAR DU.
DISEINA EZAZU LOGO BAT ETA LEHIAKETAN AURKEZTU.
OLBEA ELKARTEAK LOGO IRABAZLEA ERABILIKO DU BERE IRAGARKI GUZTIETAN ETA DISEINATU DUENARENTZAT AFARI BAT (BI LAGUNENTZAT) JOSE MARI JATETXEAN.




AUZOKO egitasmoa



Auzoko egitasmoa, Agurainen euskaraz aritu eta bizi garenon eta Agurainen euskaraz jakin ez eta beste hizkuntzak hitz egiten dituztenen arteko hurbilpenerako egitasmoa izateko jaio da, zeinen bidez gure hizkuntzaren presentzia areagotu eta euskararen maila komunikatibo oinarrizkoak lantzeko bideak jartzen saiatuko garen. Hau da, norberari bere hizkuntza aitortuta, euskararekiko hurbilpena landuko dugu, arrazoi anitz direla tarteko, euskara urruti dutenekin. Horrela kalean euskarazko harreman berriak sortzeko (nahiz eta oso oinarrizkoak izan, nahiz eta askorentzako euren estrenoa izango den, nahiz eta oso poliki egin) aukerak eskaini nahi ditugu.
Aldi berean beste hizkuntza batzuek mintzatzen dituzten herrikideen hizkuntzak gure aberastasuna direla ere transmititu nahi dugu gure egitasmoaren bidez, eta hizkuntza guzti horietara hurbiltzeko batere problemarik ez dugula komunikatu nahi dugu. Hizkuntza aniztasuna ona da, euskararen aldeko faktorea da, eta hori zabaldu nahi dugu. Horregatik komertzioak gonbidatzen ditugu euskara eta gaztelera ez den beste hizkuntza batez dekoratzera (bizpahiru astez, post-it bidez), gure herriko aberastasuna den hizkuntza-aniztasunari tarte eginez eta Auzoko egitasmoaren aurre-sentsibilizazio kanpainaren zatia den ekimen honetan parte hartuz.
Egitasmo honetan hainbat komertzio hartu dute parte, eta horren adibide gisa argazki hauek ditugu:

Akrazia

ELFOC

IBAIA

JAI ALAI

JOLASTOKI

KILKENNY

LIRAIN

OTXOA

BAZAR CHINO

LA VITORIANA

ELKARTEAREN HELBURUAK

  •  - Agurain aldeko eremuan euskararen sustapenean eta erabileran  eragin.
  • - Herritarren euskalduntzea bultzatu.
  • - Erabileran eragiteko egitasmoak eta ekintzak gauzatu.
  • - Euskaraz bizi ahal izateko guneak sortu.
  • - Euskaldunon komunitatea trinkotu.
  • - Euskal komunikabideak sustatu.


HELBURUAK LORTZEKO JARDUERAK

  • - Sustapenean eragiteko kanpainak.
  • - Herritarren euskalduntzea bultzatzeko kanpaina eta egitasmoak.
  • - Transmisioan eragiteko egitasmoak gauzatu.
  • - Aisialdian euskaraz bizi ahal izateko egitasmo eta ekintzak gauzatu.
  • - Kirola euskaraz bizi ahal izateko egitasmo eta ekintzak gauzatu.
  • - Euskal kultura sustatu.
  • - Euskal literatura sustatu eta zabaltzeko egitasmoak gauzatu.
  • - Erabileran eragiteko egitasmoak eta ekintzak gauzatu.
  • - Euskeraz aritu ahalizateko guneak sortu.
  • - Euskal komunikabideak sustatu, eta priektu horietan parte hartu.
  • - Euskal komunitatea harremanetan jartzeko eta kohesionatzeko ekintzabideak abian jarri.