2016/04/12

“Lili eta biok”, Ramon Saizarbitoria

Kaixo lagun:
Garazi Kamioren “Beste norbaiten zapatak” liburuarekin agur esan diogu aurtengo neguari. Liburuaren zortzi ipuinetako pertsonaiekin gozatu dugu irakurraldia, batzuetan hunkitu, bestetan harritu…  
Gure hurrengo proposamena:
“Lili eta biok”, Ramon Saizarbitoria
 


Elkartzeko eguna: MAIATZAK 4, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!
Ondarretako uretatik atera eta toallarekin lehortzen ari den bainulariari begira dago gizona. Gaixo egon arren, ez du Faustino Iturbek, psikologo ohi eta idazleak, erakarmenik galdu emakumeentzat. Sexualitate baldar eta grinatsutik aske, lasaiago sentitzen dira emakumeak bere ondoan, afektuaren eta aitormen atseginaren samurrean. Gauzak horrela, Ana psikologoaren maitasun-jazarpen tematiak asko du umoretik, are komikotasunetik ere.
Anaren bidez ezagutzen du Faustino Iturbek Lili, hamabost urteko neska bizkorra, baina nerabezaroaren krisialdian bete-betean sartua. Kalez kale garatutako solasean, gurasokeriarik gabe, eta neskaren galdera, zalantza eta jakin-minaren aurrean ulerbera agertzen delako idazlea, Otzeta eta Gerra Zibilaren garaiko sekretu baten jakitun egingo du Lilik. Juan Aramendia falangista nafarraren sinadura erakusten dio Lilik idazleari, aitonaren poesia-liburu batean. Handik aurrera nobelaren tramak abiadura bizia hartzen du, isilpeko istorio traumatikoak ere kanporatuz, baina batik bat, isil-gordean  iraun duen maitasun istorio erromantiko triste eta ezinduaren mataza harilkatua. Donostiatik Otzetara eta Otzetatik Donostiara, gaur egundik Gerra Zibileko gertalekuetara oihartzun eginez, eta Intxortako parajeetatik egungo bizitzara. Batetik bestera, leku eta denboraren jauzian garatuko da nobela distirante hau bikain amaitzeraino.
Idazle handi batek dakiena baino gehiago esaten du bere liburuetan. Eta Ramon Saizarbitoriak asko daki, baina gutxitan garatu du honako honetan, Lilirekin batera, eta bizitzari begira, erakusten duen samurtasuna. Belaunaldi zaharragoak ondorengoari transmititu nahi liokeen ondare egiazkoena.

2016/02/05

BESTE NORBAITEN ZAPATAK - Garazi Kamio

Kaixo lagun:
Aurreko astean eduki genuen aurtengo lehen solasaldia, Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron” liburuaren ingurukoa. Solasaldia irudiz eta musikaz lagundu genuen. Atsegina oso!!
Gure hurrengo proposamena:
“Beste norbaiten zapatak”, Garazi Kamio



Elkartzeko eguna: MARTXOAK 16, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!

Beste norbaiten zapatak, Garazi Kamio Anduaga: Lankide baten amaren hilbeilak egonezinik uzten duen gizona, giza harremanak matematika- ekuazioen arabera ikusten dituen bikotea, autobusean bidaia luze bat egin behar duen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eraman behar izan duen ama, bizilagunari mandatu bitxi bat eskatzen dion agurea, 30 urte lehenagoko ikasle garaiko pasadizoak aztoratzen duen gurasoa...

2015/12/30

“ATERTU ARTE ITXARON”, Katixa Agirre

Kaixo lagun:
Mikel Peruarenaren “Su zelaiak” liburuari buruz hitz egiteko elkartu ginen aurreko egunean. Irakurketa sakona izan da, bai gaiak bai idazkerak horrela eskatu digutelako.
Urteari amaiera emateko eta hurrengoa hartzeko proposatzen dizuegun liburua hau da: 
“Atertu arte itxaron”, Katixa Agirre
 


Elkartzeko eguna: URTARRILAK 27, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!
Eta urte berri on!!!

Atertu arte itxaron, Katixa Agirre: Road Movie antzeko bat Euskal Herrian barrena. Uliak bere sorterria erakutsi nahi dio bikotekideari, eta ibilbide lasai bat prestatzen dute, udan zehar, bigarren mailako errepideetan, Gustavoren BMW berrian. Dena ez da horren lasaia, ordea. Uliak badu aitortu gabeko sekreturik, eta bidean topaturiko ezagunen batek ekaitza iragartzen du bikotearen harmonian, zeruko laino beltzen antzera.
Trebezia handia erakusten du Katixa Agirrek bere lehenengo eleberri honetako hari mataza desberdinak josten: 1976ko martxoko Gasteizko borrokak agertuko dira batean, Benjamin Britten konpositore ingelesa beste batean… Pertsonaiek Lekeitioko hondartzak, Arabako bailarak, Bilboko kokteleriak edo Baztango baserriak bisitatu ahala, dotoreziaz konbinatuko ditu egileak solas arinak eta hainbat gairi buruzko gogoeta finak.

2015/11/21

“SU ZELAIAK”, Mikel Peruarena Ansa

Kaixo lagun:
Eta ia-ia konturatu gabe, udazkena heldu zaigu eta Literatura Txokoaren ikasturte berria heldu da ere. Proposatzen duen lehenengo irakurketa hau da: 
“Su zelaiak”, Mikel Peruarena Ansa


Elkartzeko eguna: AZAROAK 25, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!

Su zelaiak, Mikel Peruarena Ansa: 1914. urtean kokatzen gaitu eleberriak, “sarraskien aroa inauguratu” zen urtean hain zuzen ere. Horrela baieztatzen du lehen partea abiatzen duen Eric Hobsbawnen aipuak. Baiona eta inguruetako 21-48 urte bitarteko gizonek Infanteriako 49. Erreximenduko konpainian aurkezteko agindua jaso dute. “Baiones zintzo orok nahi duen gisaz, Frantziaren alde hiltzeko” (61.or.) ordua heldu zaie eta beraz, denek bat eginik, ez da gehio xuri-gorri bereizketarik. Horien artean topatzen dira narrazioan zehar hurbiletik ezagutuko ditugun zenbait pertsonaia: Etien Bonnat, Manex Donetx, Battitta Garat eta Filipe Luro, poliki-poliki bidean galduko direnak.
49. erreximenduaren ibilerarekin soldaduek bizi duten gerraren krudelkeria, miseria, gosea, hotza, traizioa, gorpu txikituak eta abar gordinki deskribatzen dira, Jacques Tardiren ilustrazioak gogora ekarriz. Verdun, “etenik gabe aitzinatzen eta gibelatzen den su infinitu bat” (167. or.) astebetean 158 lagunen heriotza eragin zuena. Argona, Verdunetik bizirik atera direnentzat gerlaren antzik ez duten jostetak dira bertako suak, Craonneko bataila eta, noizean behin, hatsa berreskuratzeko Bienville izeneko ingurua, su lerrotik urrun dagoena.

2015/06/08

Parisen bizi naiz - Koldo Izagirre -

Kaixo lagun:
Eta ia-ia konturatu gabe, beste ikasturte bat pasatu da. Liburuek negu luzea arindu digute, eta Sarrionaindia, Elorriaga, Arretxe edo Urretabizkaia lagun izango ditugu.
Orain, udaren zain gaudela, azken irakurketa bat proposatzen dizuegu:

“Parisen bizi naiz”, Koldo Izagirre



Elkartzeko eguna: EKAINAK 17, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan

Bitartean, liburuaz gozatu!

Parisen bizi naiz, Koldo Izagirre: Hiria da Koldo Izagirreren poema liburu berriaren ardatz nagusia: hiria, aldirietako batek begiratua eta epaitua. Maila urbanoan eta sinbolikoan, maila pertsonalean eta kolektiboan, maila historikoan eta literarioan eta linguistikoan… eraikitako begiratua da Izagirrerena. Parisen bizi naiz honetan elkartzen dira urbearen porrota, krisi politikoa eta poetaren heldutasuna.

Dena den, liburuari buruz gehiago jakiteko ikus ezazue Bide Ertzean taldeko gure lagunek esaten digutena. Ondoko bideoan, 13:30 minutuan (bideo osoa ikustea gomendatzen da…).

https://www.youtube.com/watch?v=ObN40osc5Q4

2015/04/20

ZURI-BELTZEKO ARGAZKIAK (Arantxa Urretabizkaia)

Kaixo lagun:
Literatura Txokoa aurrera doa, Harkaitz Zubiriren “Etxekalte” eleberriaren solasaldia izan eta gero. Liburuak Euskal Herriko hainbat fabriketan bizi izandako egoera ekarri digu gogora, langileen eta horien familien harremanen bidez.
Apirileko oporrak tartean, hurrengo hitzordua eta aukeratutako irakurketa:
“Zuri-beltzeko argazkiak”, Arantxa Urretabizkaia



Elkartzeko eguna: MAIATZAK 20, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan

Maiatzak sorpresa bat ekarriko digu. Adi egon!!!
Bitartean, liburuaz gozatu!

Zuri-beltzeko argazkiak, Arantxa Urretabizkaia: Liburu honetan kontatu nahi dudanak, 1947an du hasiera eta 1960aren inguruan bukaera.
Kontakizunaren osagai nagusia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana. Are gehiago, haurtzaro zehatz horren gauza asko ez ditut kontatu nahi eta ez ditut kontatuko. Beste batzuk, berriz, ahaztu egin zaizkit, garbitu egin ditu memoriak burmuinaren bazterretatik. Azken batean, gauzak geure modura oroitzen ditugu, norberaren burmuinaren gutizien arabera.
Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnaz, argazkiak hartu dizkiot iraganari eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan.

2015/02/15

“Etxekalte”, Harkaitz Zubiri

Kaixo lagun:
Joseba Sarrionandiaren “Narrazioak” liburua izan da aurtengo gure lehenengo irakurketa.
Liburua idatzi eta hogeita hamahiru geroago, Sarriren narrazioek liluratu egin gaituzte; tokien deskribapenak, pertsonaien gogoetak, egoerak… solasaldi ederra euki genuen!!!.
Hurrengo hitzordua eta aukeratutako irakurketa:
“Etxekalte”, Harkaitz Zubiri



Elkartzeko eguna: MARTXOAK 25, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!

Etxekalte, Harkaitz Zubiri: Anaitasuna enpresa ez dabil ondo. Kontuak zehazki nola dauden inork ez daki, baina arazoak eta zurrumurruak zabaldu direnez gero, lorrintzen ari dira langileen arteko harremanak.
Josu bulegora iritsi denean, iradoki du lankide zuen aitaren heriotzaren kausa ez zela naturala izan. Norak afera horietan katramilatzeko gogorik ez duen arren, gaina hartu diote bikote ohiaren kezkek eta ikertzen hasi da. Deseroso daude ordezkari sindikalak. Zuzendariak Chicagotik etxera bueltatzeko eskatu dio Aingeru semeari, kinka larrian dagoen fabrikan aldaketa sakonak egiten lagun diezaion, baina makalduta dabil Donostiara iritsi denetik. Etxebek ez du bururik altxatzen bulegoko mahaitik, eta egunetik egunera urrunago sentitzen du Herrera adiskide kutuna.
Bizitza gurutzatuak kontatzen ditu Harkaitz Zubiriren nobelak. Krisi ekonomiko eta sozial garaian krisi pertsonal eta intimoetan trabatu direnek ihes egin nahi diote porrot gordinari, kosta ahala kosta.